sábado, 5 de marzo de 2011

Mastintxo euskeraz




Idazlea: Fernando Pérez de Laborda
Irudiak: Maribel tena
Zuzenketak: Koldo Colomo


 
Nire alaba Antari



Esku artean duzun liburua ez da ipuin baten kontakizuna, baizik eta istoriotxo batena. Jakiten duzunez ipuinak ez bezala, istoriotxoak errealak dira eta horrexegatik egingo dudan lehenengo gauza non gertatu zen zehaztea izango da. Kontakizun harrigarri hau hemendik hurbil samar gertatu zen, bere ingurutik at gertatzen zenaz ohartu gabe lasai-lasai hazten zihoan aritz eta pago ederrez betetako baso batean. Bere musika berezia zuen baso soinujolea zen. Musika horren melodiaren partea zera izan zen: kirrisk-karraska sasiartean, tipi-tapa oin biluze baten arrastatze leuna, flipi-flapa hegaldi urduri baten zaratotsa, uiu-uiu pagusoaren urruma, fiuuuu haizearen txistua sastraken artean; eta basoa isiltzen zenean, shhhhh, isiltasunak soinu-konpas horren parte hartzen zuen.
Hori izan zen urtetan zehar basoak izan zuen mintzatzeko era. Basoa, izan ere, mila hizkera ezberdinetako eramalea zen: txorien txilioak eta basapiztien orroak, ekaitzen burrunbak eta geldialdien isiltasunak; bi hitzetan esateko, egunak zabaltzen zituen garrasiak, grooooooo, eta gauak zabaltzen zituen zurrunkak.
Aritz eta pago ederrez betetako baso horrek lasai hartzen zuen arnasa eta animalia bakoitzak bere eginbeharrari ekiten zion: urtxintxak udazkeneko urra-uzta biltzeari, basurdeak, kurrin-kurrin, lurrari hozka egiteari eta azeriak, snif-snif, haragi-puxka usmatzeari. Animalia hauek guztiek goizaldez eta egunsentiez euren egunerokotasunari ekiten zioten.

Baina basoarte hartan ez ziren basabereak bakarrik bizi. Basoaren erdiko arbol-hutsune batean baserri bat zegoen. Baserri horrek, urteetan zehar, oihanari bere lurraldea ostu eta bereganatzen zion apurka-apurka. Izugarrizko natur zatiaz disfrutatuz etxabere multzo bat paseatzen zen han-hemenka, belartzean sakabanatuz: ardiak belazetan, ahuntzak sastraketan, oiloak belar-zoroetan eta behiak zelaietan.
Baina egun batean baserriaren egunerokotasuna puskatuko zuen gertaera bitxi batek suertatu zen: inkilino berri bat heldua zen. Ibarreko beheko aldetik etxeko nagusiaren Land-Roberra iristen entzun zen, broooomm; orduan bozina jo, tuu-tuu!, kotxetik jaitsi, atzeko aldera abiatu, atea ireki eta, abere taldeagatik kuriositate handiz inguraturik, kartoi kaxa batetik hartzkume erraldoi bat atera zuen.

Hartza!? Hartza ekarri dute!? Beeee!” balatu zuten ardiek sinestu ezinik; “muuuuu!” guztiz txunditurik egin zuten marruma behiek; “ko-ko-ri-ko!” oiloak kakaraka hasi ziren, ezer ere ez ulertu gabe. Agian zirko batekin konfunditu ote zuten baserria? Malabareak egiten eta soka baten gainean oreka mantentzen ikasi beharko lukete guztiek? Euren ustekabetik atera ezinik ibiltzen zirela, hartzkume koskorra, zaunka hasi zen guau-guau! Animalitxoa txakurkumea baino ez zen! Baina, hau txakurkume itzela! Etxabere artaldea zaintzen zuen artzain-txakurra bezain handia zen txakurkumea. Animalia guztiak aho bete hortz geratu ziren.
Txakurkumea arrunta ez zela konturatu ziren guztiak hasier-hasieratik. Bere hankak elkarren artean behaztopatu, oreka galdu eta, katapun!, zerraldo erortzen zen behin eta berriro. Tripontzi handiko baldarra zenez guzti guztiek iseka eta trufa egiten zioten. Baina Mastintxoari (bere izena hori izan zen eta) hori guztia bost axola zitzaion eta jiraka-biraka bere buztanaren atzetik eta saltoka-maltoka eulitxoak ehiztatzen, ñan!, hazten zen.
Behin batean artzain-txakurrak Mastintxoari hurbildu zitzaion eta honako hau esan zion: “Ez dut ulertzen zertarako ekarri zaituzten, ardien atzetik korrika egiteko trakets samar ikusten baitzaitut. Ez pentsa ardiak maneiatzeko errazak direla, horretarako eskarmentu handia izan behar eta doitasun handiz jokatu behar duzu, ibai azalaren gainetik hegaldietan ura edateko enarek duten abilezia bera izan behar da”.

Baina gure Mastintxok jakin bazekien baserriko nagusiak zertarako ekarria zuen, bera ez zegoen han artaldea maneiatzeko, baizik eta heldua izango denean etxaberea zaintzeko. “Zaintzeko? Nola zaintzeko?”, galdetu zion artzain-txakurrak, “nik ez dut laguntzaren beharrik abereak zaintzeko! Hemen eman dudan denbora guztian ez dut inolako arazorik izan. Txitoak piztiengandik eta gaixorik zeuden arkumeak hegazti harrapariengandik babesteko ez dut zu bezalako entzierroko iditzarraren beharrik.”
Mastintxok artzain-txakurrari alai eta dibertigarri samar entzun zion. Berak ez baitzekien entzierroko iditzarrak zer ziren eta horrexegatik ez zen estutzen. Eta jiraka-biraka bere buztanaren atzetik eta saltoka-maltoka eulitxoak ehiztatzen, ñan!, hazten zen.

Martintxok bere gogoko adiskide txikia aurkitu zuen. Ahatekume bat zen, arrautz batetik atera berria zena. Dirudienez Mastintxo izan zen jaramon egin zion animalia bakarra eta horrexegatik atsegin zuen laguntza. Harekin ibiltzen zen larrain guztietatik eta lagun ezinbestekoak bihurtu ziren. Gainontzeko animaliek, nola ez, Mastintxoari ahate itsusia deitzen hasi zioten eta horren kontura adarra jotzen zioten. Hala eta guztiz ere gure Mastintxo hazten zihoan, gero eta pottoloago eta koskorrago, eta beti pozez beteta.
Baina bere gorputza oraindik egiteke zegoen eta ematen zuen pauso bakoitzean estropozu egiten zuen. Zelaietan egiten zituen lasterketetan ez zuen ongi kalkulatzen bere gorputz erraldoiaren inertzia eta danba!, edozein gauzarekin talka egin eta zerraldo erortzen zen. Orduan animalia guztiak barrez lehertzen ziren. Hala ere, gure Mastintxo altxatu, lokatza astindu eta, bere buruaz oso harro, makala bezain tinko urruntzen zen animaliengandik.
Egun euritsu batean, betiko moduan zebilela, jiraka-biraka bere buztanaren atzetik eta saltoka-maltoka eulitxoak ehiztatzen, ñan!, behi mokordo batekin irristatu zen eta gorotzez eta zuhaixka arantzatsuez beteriko putzu batean amildu zen. Putzutik atera zenean, ilea guztiz kizkurturik zeukan eta orokorrean irudi barregarri zuen. Inguruan zeuden animaliak urrundu ziren barreari eutsi ezinik. Hala ere, joan baino lehen serioski esan zien: “Ikusiko duzue, otsoa etorriko den egunean, ea beren atzaparretatik nork defendatuko zaituzten! Orduan bai barre algarak nireak!” .
Animaliak, harriturik, elkarri begiratzen zioten: “Otsoa? Otsoa esan du? Baina zer otso eta zer otso-ondo!”, eta barrezka leher egiten zuten guztiek, kar-kar! Otsoaren kontu hauek guztiek oilarri, untxiari eta antzarari barregura ematen baitzieten. Denek zekitenez, otsoa aspalditik desagertuta zegoen baso horietatik, duela berrehun urte gutxi gora-behera, baserriko nagusiak berak inguruetako azken otsoa akabatu zuelako. Ordutik aurrera ohian horretan otsoaren bizitzaz geratzen zen aztarna bakarra kondaira besterik ez zen.
Goizero lasai altxatzen zen Mastintxo ingurubideai usmatzeko nahian. Nagiak atera, aharrausi egin, uaaaaaah!, eta ahatetxoa beti bere aldamenean ibilalditxo bat ematen zuen azkeneko berriak entzuteko, egunkaria irakurri edota goizeko teleberria ikusiko balu bezala. Ikuiluaren aurretik igaro eta agurtzen zuen: “Egun on urde jauna, hartu egin duzu bazkaria?”; edota teilatuari begira esan ohi zuen: “Egun on dezazula etorri berri den enara”; edota kortatik pasatu eta galdetzen zuen: “Egun on zaldi polita!, belar bigunez ase eta beteta?”.

Gauez, aldiz, bere etxetxoaren atarian etzatu eta lotan geratzen zen, baina beti belarri bat goratuta, begi bat zabalik eta bere ondoan ahatetxoa, hanka bakar baten gainean jarrita. Txakurtxok basoko urtxintxa ezagutzen ez zuenez ikusi bezain fite inozoki galdetzen zion: “Ez zara zu otsoa izango, ezta?”. Urtxintxa txunditurik geratzen zen Mastintxoari so eta berehala tarrapatan ihes egiten zuen sastraken artean. Trikua agertzen bazen, bada, Mastintxo jakinminez usmaka hurbiltzen zitzaion, snif-snif, bere arantzek muturrean iltzatzen ziren arte, eta orduan samindurik galdetzen zion: “Ez zara zu otsoa izango, ezta?”. Baina trikua, jaramonik egin gabe, bere bideari jarraitzen zion isilean. Hau guztia ikustean artaldea pentsatzen hasi zen Mastintxoari ez ote litzaiokeen torloju bat faltako, eta bakean utzi zuten gixajoa bere ametsetan murgildurik .
Egunak lasaiak ziren lurralde osoan basoa hankaz gora jarriko lukeen gertaera jazo arte. Basoaren sakontasunetik zurrumurru bat zabaltzen hasi zen. Putzuetan eta bidezidorretan, zelaietan eta harkaitzetan denon ahotan zebilen otsoa etortzear zegoen zurrumurrua.

Baserrira iritsi zenean arras kezkaturik utzi zituen animalia guztiak. Dagoeneko ez zen inor ausartzen kanporatzera gauean; atarian Mastintxo bakarrik geratzen zen lotan, baina beti belarri bat goratuta, begi bat zabalik eta bere ondoan ahatetxoa, hanka bakar baten gainean jarrita. Mastintxok ikusten zuen animalia bakoitzari galdetzen zion ea otsoa ote zen. Akerrek eta txerriek uste zuten Mastintxo burutik jota zegoela eta txakurtxoari esan zioten. Baina berak bere horretan jarraitzen zuen honela mintzatuz: “Zuek otsoaren atzaparretatik defendatzeko etorri naiz. Horrexegatik ez duzue beldurrik izan behar, otsoa gurera etortzen bada nik neuk botako dut etxalde honetatik. Zaudete lasai!”.
Lasai egoteko diozu? Otsoa katu pottolo bat izango balitz bezala hitz egiten zuen mastintxok, eta ganoragabeko eder horrekin, lasai egon? Haiek babesteko ahate itsusi baten antzeko ibilera zuen txakur bat besterik edukita, lasai egon? Otsoaren zurrumurruak egia izateko itxura zuen eta Pinotxoren ipuinean bezala otsoa hezur-haragizkoa egiten ari zen. Orduan nola egon litezke lasai?
Guztiek pentsatzen zuten norbait gezurretan ari zela eta haiei txantxa bat egin nahi ziela. Zoritxarrez ez zen horrela gertatu. Leongo eta Galiziako mendietatik, Kantabriako mendilerroetan zehar Gazteizko mendietaraino bere lurraldea hedatzen ari zen otsoa. Otsoaren antzinako lur eremua berreskuratzeko garaia iritsia zen. Baserrietako landak hutsik zeuden jendea hirietara emigratzen zelako. Horretaz gain basoak zabaltzen ari ziren eta otsoak, orain babestutako animalia izanik, antzinako lurraldea ari zen bereganatzen poliki-poliki.

Gau batean baserriaren aurretik basurde bat igaro zen. Mastintxok hain animalia handia ikusita derrigorrezko galdera egin zion: “Ez zara zu otsoa izango, ezta?”. Basurdeak txakurrari bepazterkaz begiratu zion eta honela mintzatu zitzaion apaltasunez: “Jakin dezazun otsoak ez du inoiz bere burua horrela aurkezten. Bere begiradaren distira somatu baino lehen, bere usain gogorra antzeman baino lehen, zure bihotza beldur handiz bete baino lehen entzungo duzu,… zera… bere ulua!, ongietorriko ulu luzea”.
Ulua, noski!, nola ez zait bururatu?, bere ulua! Eta basurdea desagertu bezain pronto, otsoaren ulua nola izan litekeen pentsakor geratu zen Mastintxo. Otsoaren ulua berea bezain grabea eta sakona izango litzateke? Agian ibarraz beste aldeko baserrietan zeuden txakurren zaunkekin nahastuko luke ulua? Galdera hauek guztiak buruan zebilzkion.

Egunetik egunera hazten zihoan mastintxo, eta bere atzaparrek uzten zituzten aztarnen tamainagatik argi eta garbi ikusten zen ia-ia txakur heldua zela. Marruskatutako hezurretan hortzagin zorrotzen aztarnak ederki antzematen ziren. Dagoeneko zakur koskorra hartza bezain handia zen. Hala ere baserriko animalietako inork ez zuen sinesten txakur buruarin eta txotxolo hori kapaza izango lizatekeenik otsoari aurre egiteko. Eta gainera kontuan harturta otsoak beti elkarrekin dabiltzala.
Oskarbi zegoen gau batean, ilargi zurbilpean, gure Mastintxo betiko moduan zurrunkatzen ari zela, grooo!, belarri bat goratuta, begi bat zabalduta eta bere ondoan ahatetxoa, hanka bakar baten gainean jarrita, bat-bateko ulu ikaragarria entzutzen ahal zuen: Auuuuuuuu!
Entzun duzu? Ez duzu hotzikararik sentitu? Ez? Ba ireki belarriak, behi baten belarriak izango balira bezala, paratu eskuak belarrien atzean, antena baten moduan, ireki zentzu guztiak, itxi begiak eta egin ulua: Auuuuuuuu! Hobeto entzun duzu orain? Ezagutzen duzu ulua? Bai? Otsoaren ulua da!

Hantxe bertan zegoen otsoa. Egia zen zurrumurrua. Gure Mastintxo luze aritua zen prestatzen mementu horretarako eta gertaerak ez zuen ustekabean harrapatu. Azken finean hau zen berari dagokion lana, horretarako ekarria zuten baserrira, antzinean Pirineotan bere aiton-amonek bururutako lana bera egin zezan, alegia, etxaberea otsoarengandik babesteko. Eta horrexegatik Mastintxo deitzen zioten, Mastina zelako, Pirineoetako Mastin harro eta itzela.
Otsoaren ulua entzun ondoren ez zegoen baserrian lo hartzerik. Animalia guztiak ikuiluaren txoko batean estutu eta ez ziren ausartzen muturra kanpora ateratzera, hain handia zen etxabereak harturiko ikaraldia.
Animaliek nabaritzen ez bazuten ere Mastintxo urduri samar zegoen. Kortaren aurreko aldean jarri zen, ilunpean. Entzumena eta usaimena zorroztu zituen neurrian bere urduritasuna lasaitzen joan zen. Bere bizitzako gau luzeena iristear zegoen. Soinua entzun edo mugimendua antzematen zuen bakoitzean otsoa izan zitekeela pentsatzen zuen. Liztorra entzun, iiiiiiñññ, eta orroe bat zela iruditzen zitzaion. Bi ipurtargien argitxoak otsoen begiraden dirdirak zirela uste zuen. Haizea usaintzen zuen otsoaren presentziaz jabetzeko, snif-snif, baina ikuilutik heltzen zitzaizkion beldur eta iserdiek arnasa trabatzen zioten.
Behin ongietorriko ulua entzunez gero otsoaren presentziaren berri emango lukeen hurrengo seinalea zein izan ote litekeen bere buruari galdetzen zion Mastintxok. Bat-batean gorputza teinkatu zitzaion eta hotzikara handi bat sentitu zuen. Argindarraren korronte batek bere gorputza astintzen sentitu zuen… Ez duzu hotzikara sentitzen? Hori zen seinalea! Otsoa oso gertu zegoen! Mastintxoren aurrean zegoen, nahiz eta ez ikusi ez usaindu eta ez entzun! Baina sentitzen ahal zuen!

Mastintxok hortzak erakutsi zituen, hortzagin zorrotzak, eta orroe luze eta beldurgarria egin zuen: grrrrrrrrrrr! Eta bat-batean otsoaren usaina iritsi zitzaion. Zuhaiztiaren iluntasunean zeuden hiru otsoen itzalak ikusten ahal izan zituen.
Norbaitek bere gorputza haizegailu batekin puztuko balu bezala handitu zen Mastintxo, eta kuraiaz beterik otsoengana hurbildu zen. Bitartean ikuiluko animaliak zer demontre gertatzen ari zen kanpoaldean elkarri galdetzen zioten. Otsoak nola hurbiltzen ziren somatu zuen Mastintxok eta orduan konturatu zen inguruan zituela oldartzeko prest. Gure Mastintxo geldi-geldi zegoen. Bere barnean zeukan seigarren zentzu batek esaten zion nola jardun behar zuen eta hiru otsoetako zeini eraso egin behar zion. Hiru otsoen buruzagia zirudienaren aurrean jarri zen borrokatzeko prest, eta bere jarrera oldarkorrarekin bera zela baserriko jabea eta haiek ez zirela ongietorriak jakinarazi zien.
Otsoak lau hortzaginak erakusten bazizkion, Mastintxok hamar hatzaparrak ateratzen zizkion; otsoak bi aldiz orroe egiten bazuen, grrr-grrrr!, Mastintxok lau aldiz; otsoak aurrerapauso bat ematen bazuen, Mastintxok bi aurrerapauso ematen zituen. Mastintxok argi zuen borroka saihestezina izango litzatekeela. Otsoek bera harrapatuz gero txikituko lukete. Baina une horretan hiru otsoetako nagusiak atzera egin zuen eta otsoak urruntzen hasi ziren. Mastintxok erakutsitako hortzaginak, atzaparrak eta orroak otsoak kikildu zituen. Otsoak ez zeuden prest ahalegin handiak egiteko. Izan ere beste baserri batean aurkituko lukete bilatzen ari zirena errastasun handiagoarekin.
Basoak otsoak irentsi zituen, baina gure Mastintxo basoari begira arreta biziz mantendu zen luzaro, bere tentsioa baretu gabe. Orduan ahatetxoak, hanka bakar baten gainean jarrita gertatutako guztia ikusi zuela, Mastintxoari hurbildu zitzaion hankartean zuen bere txoko maitagarria aurkitzeko, eta Mastintxok ahatetxoa belaunetan sentitu zuenean lasaitu egin zen.

Otsoen aurrean gaizto-gaiztoaren papera bete ostean, beste papera egiteko garaia iritsia zela pentsatu zuen, ikuiluko animaliek harengandik itxaroten zuten ergel-ergelaren papera. Eta haiengana abiatu zen bere antzezlan txikia egiteko asmoz.
Etxolaren barruan, inork ez zekien kanpoko aldean zer gertatzen ari zen. Animaliek lehiotik itzal handia hurbiltzen ikusi zutenean, basoa garai ilunetara itzuliko litzatekeela uste zuten, eta hortik aurrera belar-soroak eta bidexkak inorentzat ziurrak izango ez liratekeela. Otsoak haiek akabatzeko etorriak ziren.
Mastintxo ikuiluan sartzen ikusi zuten, alde batetik bestera kulunkan, ilea txiribilduta, begirada galdurik, mingaina dilindan zituela, eta haien muturren aurrean, katapun!, zerraldo erori zen eta garrasi beldurgarria bota zuen, aaaaaaaah! Mastintxoaren itxura ikustean guztiz ikaratuta geratu ziren ikuiluren ateari so, edozein gauzetarako prest. Zenbat otso izango lirateke? Zenbat otso sartuko lirateke atetik? Orduan pauso batzuen zaratotsak entzun zituzten kanpoaldetik hurbiltzen, tipi-tapa, baina bordan sartu zen hurrengo animalia ez zen otsoa izan, ez… nor izan zen ba?... Ahatetxoa, noski, ahate txikia buztana mugituz, tilin-talan, eta mokoarekin kua-kua, poz-pozik sartzen zen. Orduan bai, gure Mastintxok, disimulatzeari ezin eutsirik, barrez leher egin zuen, kar-kar! Ikararen ikaraz oilarrei gandorrak eta antzarrei ipurtaldeko lumak dardarka hasi zitzaizkien eta artzain-txakurra, izerditan blai, lasto-meta baten azpian ezkutatu zen. Mastintxok hori guztia ikusi zuenean barrezka hasi zen.
Ordudanik etxabereko animaliek ez zioten berriro Mastintxori barre egin. Egunkaria irakurtzeko ez zuen larrainetara atera beharrik, baserriko animaliak guztiak hurbiltzen baitzitzaizkioten bera agurtu eta azkeneko berriak kontatzeko: “Egun on Mastin jauna, jakin dezazula urdeek zorroa bete dutela”; “Egun on Mastin jauna, jakin dezazula enarak etorri berriak direla”; “Egun on Mastin jauna, jakin dezazula zaldi polita, belar bigunez ase eta beteta”. Ahatetxo itsusi hura animalia guztiak miresten zuten Pirinioetako Mastin zoragarri bihurtua zen. Mastina joaten zen lekura, hara joaten ziren guztiak, ilara luzeak sortuz, lehenik ahatetxoa eta gero animalia guztiak, bekereke, kurrin-kurrin, kokoroko, txio-txio, trakatan-trakatan...
Eta basoko bazter hartan ez zen inoiz berriro otsoaren notiziarik izan. Eta baso soinujoleak bere musika konposatzeari ekin zion berriro, eperren eta sorbeltzen hegaldiek sortzen zituzten doinuekin, txinboek eta txantxangorriek txistuka egiten zituzten txilioekin eta urrentxindorrek eta karnabek abesten zituzten melodiekin.
Eta hala bazan edo ez bazan sar dadila kalabazan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Seguidores